Tailer 1 eta 2 (6-12 urte )
Adin honetan haurrek mugimendu behar handia dute. Hori dela eta, adin honetarako girotutako espazioak (barnekoak zein kanpokoak) tamaina handikoak dira behar horri erantzuna emateko. Garai hau gizakiak gehien ikasten duen garaia da eta horregatik, beste geletan gertatzen den bezala, ikasleek egiten dituzten jarduera eta lan desberdinak modu esanguratsuan aukeratzen dituzte. Adin honetako haurra langile nekaezina da, abstrakziorako gaitasun handikoa. Irudimen eta sormena bezalako ezaugarriak ere kontuan hartzen dituzte bi gela hauek, haurrek libreki – gidaren laguntzaz – eta elkarren artean egiten dituzten askotariko proiektuen bitartez. Horrela, elkarrekintzarako beharra ere bete egiten dute, gela guztietako ezaugarri den adin nahasketari esker. Izan ere, adin honetako haurrentzat haien berdinekin dituzten harremanak oso garrantzitsuak dira. Balioak transmititzeko garai aproposena da ere eta Aiurrin Komunikazio Ez Bortitza da honetarako tresna nagusia.